Quantcast
Channel: Iametza
Viewing all articles
Browse latest Browse all 29

Euskarazko Wikipedia genero desoreka gainditzeko lanean

$
0
0

Historikoki egin diren entziklopedia gehienetan gizonezkoek leku handiagoa izan dute emakumezkoek baino. Wikipedian ehunekoa handiagoa bada ere, desoreka nabaria da. Gauza bera gertatzen da euskarazko Wikipedian ere. Hala ere, egoera horri buelta eman nahian ari dira wikilariak.

Euskarazko Wikipedia (CC BY-SA 4.0)

Mundu mailan Wikimedia Fundazioak “Wikipediak emakume gehiago behar ditu” kanpaina jarri du martxan. Gurean ere badira ekimenak. Horien artean aipagarria da WikiEmakumeok egiten ari den lana. Urteak dira Euskal Wikilarien Kultura Elkartea (EWKE) ere genero oreka lortzeko lanean ari dela. EWKEren 2024-2027 urteetarako egitasmoaren helburuetako bat da emakumeen presentzia handitzea. 30.000 emakume wikiproiektuarekin biografia kopuru horretara iritsi nahi dute 2027aren amaierarako, eta biografia guztien heren bat, gutxienez, emakumeena izatea lortu nahi dute. Gehiago badira hobe.

Une honetan 18.698 emakumeren biografiak daude euskarazko entziklopedia librean, horietatik 408 trans emakumeenak. Biografia guztien %29,82a da hori. Urte hasieratik hona emakumeen 1.136 biografia berri sortu dituzte wikilariek. Goranzko joera nabaria da. Izan ere, azken zazpi urteetan bikoiztu egin da emakumeei buruzko edukiaren ehunekoa, 2017an %13,63an baitzegoen.

Theklan (CC BY-SA 4.0)

Hobetzeko asko dagoen arren, euskarazko entziklopedia librearen ehunekoak Wikipediako datu orokorren oso gainetik daude. Izan ere, Wikimediaren proiektu guztietako gizakiei buruzko edukien %18,76a dagokie emakumeei. 2024ko urtarrilean Euskarazko Wikipedia 25. hizkuntza zen emakumeen biografien kopuru absolutuan (17.175), eta guztira 50.000 biografia baino gehiago dituzten hizkuntzen artean ehuneko handiena zuen. Grafiko honetan ikus daitekeen bezala, euskarazko Wikipediaren ehunekoa handiagoa da inguruko hainbat hizkuntzetakoena baino.

Humaniki (CC BY-SA 3.0)

Euskarazko Wikipediak genero oreka ezari eskainitako orrian biografien protagonisten jaioterriak, jaiotze- eta heriotza-datak eta lanbideak irudikatzen dituzten bisualizazio interesgarriak egin dituzte.

Biografiak lekuaren arabera

Euskarazko Wikipediako emakumezkoen biografia gehienak Europa eta AEBetakoak dira. Euskal Herriko datuei erreparatuz emakume gipuzkoarren eta bizkaitarren biografiak nagusitzen direla dirudi.

Theklan (CC BY-SA 3.0)
Theklan (CC BY-SA 4.0)

Biografiak urtearen arabera

Euskarazko Wikipediako emakumezkoen biografia gehienak XX. mendean jaiotako eta hildakoenak dira (Ikusi Wikidatan). Gizonezkoen biografien kasuan ere grafikoa antzekoa da, baina urte bakoitzeko kopuruak altuagoak dira orokorrean, baina batez ere XVIII. eta XIX. mendeetan (Ikusi Wikidatan).

Biografiak lanbidearen arabera

Euskarazko Wikipedian biografia duten emakumeen eta gizonezkoen lanbide ohikoenen artean ere alde nabarmenak daude. Emakumeen artean gehienak idazleak, aktoreak, politikariak, abeslariak, kazetariak, irakasleak, poetak, modeloak… dira. Gizonezkoen kasuan aldiz pisu nabarmenagoa dute kirolariek, esaterako futbolariak daude lehen postuan eta txirrindulariak hamargarrenean.

Jarraian duzue emakumezkoen lanbide ohikoenak bistaratzen dituen burbuila diagrama: (Ikusi Wikidatan)

Beste hau berriz gizonezkoen lanbide ohikoenak bistaratzen dituena: (Ikusi Wikidatan)

Amaitzeko, oraindik entzun ez baduzue Wikipediako genero arrakalari eskaini genion podcast saioa entzutea gomendatzen dizuegu:


Viewing all articles
Browse latest Browse all 29